Txiringitoak udan funtsezko bilakatzen dira, gustatzen zaigun guztia bateratzen dutelako: hondartza, itsasoa, ilunabarrak, lagunak, barreak, garagardoak, ogitartekoak eta momentu ahaztezinak. Hona hemen 5 txiringito, zure uda Urdaibaien ezin hobea izan dadin.
Lagako txiringitoak (Ibarrangelu)
Gehien maite dugun hondartzatik hasiko gara, Lagatik, Euskal Herriko hondartza politenetako bat dela esan dezakegu, gure iritziz behintzat. Pareta harritsu bat (Ogoñoko Lurmuturra) itsasora hurreratzen da paisaia ikusgarri eta oso fotogenikoa sortuz. Nahiko zabala da eta beharrezko zerbitzu guztiekin, surflarien hondartza gogokoenetako bat ere bada.
Txiringito 2 aurki ditzakegu bertan: itsasora begira, eskumaldean Asta Txiki eta ezkerraldean, Hatzazpe.
1. Asta Txiki
Hobeto ezagutzen dugun txiringito da pilo bat ordu eman ditugulako bertan berriketan eta bertako gastronomia probatzen… Ilunabarrak ikusteko toki aproposa.
Nahiz eta pintxo aukera askorik ez euki, ogitarteko, razio eta entsaladak eskaintzen ditu. Asteburuetan paella ere egoten da. Ogitarteko eta hanburgesak aholkatzen dizkizuegu bereziki. Benetan onak!!!
Hona hemen karta prezioen eta edukiaren idea bat izan dezazuen.
Zerbait esatearren, arratsaldeko 8-retatik aurrera, hondartzako bainu publikoak ixten dituztenean, pixagurea arazotxo bat izan daiteke, ez baitauka komunik.
2. Hatzazpe (Lagako hondartza, Ibarrangelu)
Beste aldean Hatzazpe aurkitu dezakegu, atzekaldetik hondartzara irteera zuzena duelarik.
Asta Txikin, itsaso eta mendi artean eguzkia nola sartzen dan ikus dezakegun bitartean, Hatzazpeko ilunabarrak be ez daude batere gaizki. Lorentzok agur esan aurretik Ogoñoko lurmuturrak hartzen dituen tonalitate desberdinak ikus daitezke.
Hemen be ogitartekoen karta dute baina zertxobait laburragoa da zerrenda.
Komunen arazo berbera dugu hemen ere; 8-retatik aurrera, aukera bakarra erdiko jatetxera hurbiltzea da edo naturan zehar tokiren bat aurkitu (eta garbi utzi ahal den neurrian). Anbiente eta musika ona ziurtatuta daude txiringito honetan ere.
3. Ie-ko portua
IE-ko herrixka xarmargarriari ez zaio ezer falta: harrizko zubiak, hondartza ta kalatxoak, euskal etxe tipikoak ibai ertzean, txalupaz jositako portutxoa… Esan beharra daukagu ez dela Urdaibaiko Erreserbaren parte baina bai Busturialdeko eskualdearen parte eta gure ustez edozein bisitarik ezagutu beharreko herria beraz, zerrendan sartu dugu.
Portuko bidea azkeneraino jarraituz, rompeolasera heltzen gara eta bertan aurkitzen da txiringitoa. Ezin hobea da bainu bat hartu eta jarraian zeozer hartzeko. Pizzak be jan daitezke bertan. Ondoan bainu eta aldagelak aurki ditzakegu, guztiz erosoa da.
Azkeneraino heltzea gomendatzen dizuegu, bertan begiratokia aurkitzen baita eta ezin izango diozu argazki batzuk ateratzeari uko egin.
Talako Ama baselizara heltzen dan bidetxo bat dago hurbil eta benetan bista ederrak oparitzen dizkigu leku horrek, beraz, merezi dau ibiliaditxoak.
4. Juanjo Txiringitoa (San Antonio-ko hondartza, Sukarrieta)
Hondartza alboan aurkitzen da eta oso ikuspegi onak ditu.
Pintxoak, snack-ak, opilak eta ogitartekoak be badaudela uste dugu, nahiz eta iñoiz ez ditugun probatu. Ia uda honetan baten bat probatzen dugun… Gainera, zorte apur batekin, “arto edo kiko” batzuk ematen dizkizute edariarekin 😉
Bainuak alboan aurkitzen dira baina txiringito honen abantaila, batez ere umeekin joanez gero, xibuak eta mahaiak bertan dituela da. Benetako piknika bat egin daiteke bertan.
5. Aritxatxu-ko txiringitoa (Bermeo)
Aritzatxu-ko hondartza txikian be ez da falta txiringitorik. Jabez aldatzekotan da eta ez dakigu ziur ze zerbitzu izango dituen, norbaitek jakinez gero abisatu.
Bistak sinestezinak dira eta ibizar estilodun arratsalde magikoez goza dezakezu larregi ordaindu gabe (lehen behintzat, kaña handia 2€ra zegoen)
Ikusi ditzakezuen argazki polit hauek Ainhoa Astui Bermiotar eta Aritxatxuko zale amorratuak pasa dizkigu. Eskerrik asko Ainho! Aupa Bermio!
Paradisua dirudi, ez ala?
Zein gustatu zaizue gehien? Besterik ezagutzen duzue?